división celular
- 1. Biol.
Zelulek ugaltzeko erabili ohi duten prozesua. Zelularen nukleoaren kopia egin ondoren, bitan zatitu eta bi zelula baliokide sortzen dira.
- 1. Biol.
- Zelulek ugaltzeko erabili ohi duten prozesua. Zelularen nukleoaren kopia egin ondoren, bitan zatitu eta bi zelula baliokide sortzen dira.
Zelula-zatiketa Edit
Egilea: Eider Bilbao
Zelula ororen jatorria beste zelula bat da, eta zelula ama deritzonak zelula alabak emateko burutzen duen prozesuari zelula-zatiketa deritzo. Izaki zelulabakarretan, legamian eta bakterioetan esate baterako, zelula-zatiketak izaki berri bat eratzea dakar ondorio gisa, izaki zelulaniztunetan berriz, zelula bakarretik izaki zelulaniztuna eratzea zein izakiaren ehunetako zelulak ordezkatzea eta ugal-zelula edo gametoen sorrera dakartza. Zatiketa modu kontrolatuan egiten da organismoaren beharren arabera, eta zelula-motaren araberakoa izango da. Horrela, nerbio-zelula helduek zatikatzeko gaitasuna oso mugatua duten bitartean, heste-epitelioko zelulek zatitzeko gaitasun handia dute eta epitelioa etengabeko berriztapen batean murgildurik dago. Prokarioto eta eukariotoen zelula-zatiketan hainbat ezberdintasun aurki badaitezke ere, funtsean, belaunaldiz belaunaldi genomaren mantenua izango da helburu; horretarako, zelula-mota biak hazi egingo dira zelularen zenbait osagai bikoiztuz, DNA bikoiztu eta banatu egingo da, eta zelula ama zelula alabak eratuz zatikatu egingo da. Prozesu hau azkarra da prokariotoetan, non material genetikoa erreplikatu ondoren, kopietako bakoitza zelularen mintzeko gune ezberdinetan kokatu eta zelulen banaketarekin batera kopiatutako kromosoma eta jatorrizkoa banatu egingo diren. Horrela eratutako zelulak genetikoki berdinak izango dira. Zelula eukariotoen zatiketa konplexuagoa da beren izaeraren konplexutasunari jarraiki; hala ere, oinarrian, horietan ere erreplikazioa, banaketa eta zatiketa gertatzen dira. Zelularen zatiketa, ziklo zelularraren M fasean gauzatzen da eta bertan nukleoaren zatiketa eta ondorengo zitoplasmaren zatiketa gertatzen dira. Nukleoaren zatiketan edo kariokinesian, aldez aurretik bikoiztutako material genetikoa bi kopiatan banatuko da eta zitokinesian material zitoplasmatikoa zelula ezberdin bitan. M fase bat eta hurrengoaren arteko epeari interfasea deritzo eta hiru fasek osatzen dute: G1 fasean edo lehendabiziko hazkuntza-fasean, zelula hazi egiten da eta hurrengo fasera pasatu aurretik, ingurumenaren egoera faboragarria den edo ez egiaztatzen du. S fasean edo sintesi-fasean, DNA erreplikatzen da eta fasearen bukaeran, DNA eta hasieran zituen proteinak bikoiztuta izango ditu, eta G2 fasean edo bigarren hazkuntza-fasean, M fasean sartzeko ingurumenean baldintza faboragarriak dauden edo ez aztertzen du zelulak. G1 eta G2 faseetan zelula hazi egiten da eta organulu zitoplasmatikoen bikoizketa egitea ahalbidetzen du; bi faseotan, RNA eta proteinak sintetizatuko dira eta ziklo zelularra kontrolatzeko kontrol-puntuak kokatzen dira. Kontrol-puntu horiek gaindituz gero, zatiketa itzulezin bihurtzen da. G2 fasearen amaierarako, zelula-zatiketaren hasiera gertatzear dagoela adierazten duten aldaketak atzematen dira zelularen egituran. Nagusiki, bi zelula-zatiketa mota bereiziko ditugu: zelula somatikoetan gertatzen den eta genetikoki zelula amarekiko berdinak izango diren zelulak sortuko dituen mitosia eta zelula amaren ondare genetiko diploidea zelula alaben ondare genetiko haploidera erreduzituko duen zatiketa edo meiosia.
Zelula bitan zatikatu aurretiko legamiaren kimuketa